Urteroko batzar orokorra egin du Ibabeko Andra Mari Kofradiak

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko ira. 11a, 16:04

Bizente Goikoetxea abesbatzak girotuta, meza ospatu dute, eta ostean batzar orokorra egin dute kofradeek. Aurten, Kofradiako Estatutuak onartu dituzte.

Urtero moduan, Ibabeko Andra Mari ermitan bildu da bertako kofradia, jai giroan batzar orokorra ospatzeko asmoarekin. Meza, aurten, Bizente Goikoetxea abesbatzak girotu du, eta ondoren batzar orokorra egin dute bertan zeuden 42 kofradeek (guztira 130 dira).

Iragan urteko datu ekonomikoak plazaratzeaz eta onartzeaz gain, oraingoan kuota aldatzea erabaki dute kofradeek. Urtean 10 euro ordaintzetik 15 euro ordaintzera pasako dira. Gainera, Kofradiaren Estatutuak onartu dituzte, 36 kofraderen baiezkoarekin.

Izan ere, Ibabeko Andra Mari Kofradiaren erronketako bat entitate juridiko bilakatzea izango da, Estatutuak onartu ostean. Batzarrean eztabaidatutako gai nagusia, hain zuzen ere, Kofradia desegin edo desagertzen bada, Ibabeko Andra Mariko ermita eta ondasunak zeini igaroko zaien ardura izan da. Gotzaingoarekin harremanetan dago kofradia, baina Eleizaren iritzia eta eurena ez dator bat. Kofradiak, Aramaio herriari utzi nahiko lizkioke ondasun horiek, Aramaioko Udalari hain zuzen ere, "herriarenak izaten jarraitzeko".

Kristina Etxenausia kofradiako presidentea "pozik" azaldu da Estatutuak onartu dituztelako, eta "orain lanean jartzeko ordua" dela azpimarratu du.

Batzarraren ostean, gustura bazkaldu dute kofradeek eta bertara gerturatu diren hainbat aramaioarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak