Terrazak arautzeko ordenantza berritzeko asmoa du Aramaioko Udalak

Xabi Gorostidi 2016ko ira. 2a, 17:47

Indarrean dagoen ordenantza 2002. urtekoa da eta haren hutsuneak betetzera dator ordenantza berria. behin zirriborroa Hirigintza batzordetik pasa ondoren, webgunean publikatuko dute herritarren eta tabernarien ekarpenak jasotzeko.

Aramaioko Udal Gobernua lur publikotan dauden terrazen araudia berritzeko lanean ari da. Azken ordenantza 2002 urtekoa izanik, honek dituen hutsuneak osatzeko eta hainbat biztanleren kexei erantzuna emateko asmoz abiarazi dute ordenantza berria egiteko prozesua.

Biztanleen kexak

"Biztanleen kexak heldu zaizkigu eta horiek izan dira aldaketa eragiteko arrazoi nagusia" adierazi du Martin Arriolabengoa Hirigintza zinegotziak. Biztanleek portaletara sartzeko zailtasunak izan dituzte, batez ere gurpil aulki edo umeak eramateko karrotxoekin. Terraza baten eraginez etxera sartzeko zailtasunak izatea ez da onargarria Udalaren ustez, eta horri konponbidea bilatzeko zirriborroa prestatzen ari dira.
Iraila hasieran aurkeztuko dituzte zirriborroaren xehetasunak Hirigintza batzordean, eta ondoren herritarren eta tabernarien ekarpenekin osatzea da Udalaren asmoa. "Hirigintza batzordetik pasa bezain pronto zirriborroa herritarren eskura jarriko dugu webgunearen bitartez. Aramaioko biztanleei eta bertako tabernariei ordenantza berrian parte hartzeko aukera ematea egokia iruditzen zaigu" adierazi du Arriolabengoak.

Udazkenerako onartuta

Araudi berria udazkenean zehar onartzea aurreikusten du Arriolabengoak: "Ez dakit urrian edo azaroan izango den, baina ordurako legedi berria martxan egotea da gustatuko litzaigukeena".
Gaur egun Anboto, Eki eta Añai tabernek dituzte terrazak lur publikoan, baina etorkizunean jar daitezkeen terraza berriak ere arautuko lituzke ordenantza berriak.

Ordenantza zaharkituta

Biztanleen kexei erantzuna emateaz gain, badaude ordenantza aldatzeko arrazoi gehiago. Indarrean dagoen araudia 2002 urtekoa da, eta Udalaren ustez ez da gaur egungo errealitatera behar bezala egokitzen.
"Duela 14 urteko araudiak dioen gauza bakarra terrazetako mahai bakoitzeko 15 euroko kanona ordaindu behar dela da. Ez ditu kontuan hartzen hauen kokapenerako arauak edo tamaina ezberdineko mahaiak egon daitezkeela, eta hori behar bezala erregulatu nahi dugu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak