Adinaren arabera ibilbide luzeagoa edo motzagoa egin dute txirrindulariek baina guztiek lortu dute helmuga zeharkatzea bidearen albotan zeuden ikusleen animo eta txaloek lagunduta. "Auzotarren gustuko ekintza izaten da eta gaurkoa berezia izan da, errekorra eta guzti! Parte hartzaile guztiek jaso dute oroigarri bana. Lasterketako zaharrena, urtero parte hartzen duen Jon Ortueta izan da eta Galder Ibarguren, berriz, gazteena", kontatu du Mikel Ruiz de Azua auzotarrak.
Karta-jokoak, kalejira eta dantzaldia gaur
"Atzo egin genuen bertso-afaria sekulakoa izan zen. Aspaldiko urteetan onena esango nuke. Sekulako giroa jarri zuten Arzallus eta Sotok eta gustura asko ibili ginen ordu txikiak arte", dio Ruiz de Azuak. Hala ere, jai giroan jarraitzeko asmoa dutela dio. "Mus eta briska txapelketa hastera doaz eta, ondoren, Arexolatik Arriolara kalejira egingo dugu auzoko trikitilariekin, eta handik bueltan ere kalejiran etorriko gara. gauerako, ostera, Narbaiza eta Astiazaran trikitilariak gonbidatu ditugu".