Bihar, barikua, hasiko dituzte jaiak etxafuego eta kanpai errepikaz. Ondoren, 21:00etan, bertso afaria egingo dute.
Arzallus eta Soto bertsotan
Jaietako ekitaldi garrantzitsua izaten da mahaiaren bueltan egiten dutena. Aurten, 80 bat lagunek eman dute izena afaritarako. Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak ibiliko dira afal ostea girotzen, bertsotan. Ordu txikiak arte luzatuko da afaria.
Zapatuan, 12:00etan meza santua izango dute ermitan. Ondoren, jaietako beste ekitaldi garrantzitsu bat izango dute: Ibarratik Arexolara bizikleta lasterketa egingo dute. Parte-hartze handia izaten duen lasterketa izaten da: adinaren arabera ibilbide luzeagoa edo motzagoa egiten dute txirrindulariek. Amaieran sariak banatuko dituzte parte hartzaileen artean.
Kanpai-jotze erakustaldia
17:30ean mus eta briska txapelketa egingo dute; ondoren, Arexolatik Arriolara kalejira izango dute; 19.30ean kanpai jotze erakustaldia, eta 23:00etan Narbaiza eta Astiazaran trikitilarien erromeria. Goizaldean txokolate beroa banatuko dute.
Domekan meza nagusia izango dute, 12:00etan; eta, 18:00etan umeendako jolasak.