Pilota Eskolako maila desberdinetako pilotariak bildu dira gaurkoan frontoian, lagunarteko partidu batzuk jokatu eta ondo pasatzeko asmoz. Eguraldi oneko eguna kanpoan igarotzeko-edo, batzuk ez dira etorri, baina horregatik ez diote jokatzeari utzi. Nagusiak gaztetxoekin nahastuta ere jokatu dituzte partiduak.
Azken finean, gaurko ekimenaren muina ez da lehiakortasuna, taldeko giroa sustatzea baizik, eta "urtean behin pilota eskola osatzen dutenak elkartu eta ondo pasatzeko egun bat", eskolako zuzendaritzako kide Josu Olaizolak azaldu duenez.
Hala, partiduen ostean Iturrieta sagardotegian bazkaltzera abiatu dira guztiak batera, ume zein heldu.
Denboraldiari agurra
Olaizolak eskerrak eman nahi izan die zuzendaritza batzordekoen izenean pilota eskolako ume zein gurasoei, "urte osoan zehar egindako guztiagatik eta emandako laguntzagatik".
Oraindik ere Euskal Herriko txapelketetan lehiatzen ari diren nagusiek partiduak izaten jarraitzen dute, baina eskolako ume gehienek bukatu dute aurtengo denboraldia. Hala, ikasturteari agur esateko modu ezin hobea ere izan da gaurko topaketa.