Hainbat lan egitea onartu dute diru horrekin: Foru planetik kanpo geratu zen Matxin kalea konpontzea izango da lan horietako bat. Matxin kalea metro pare bat zabalduko dute, asfaltoa botako dute, kutxatilak (arketak) igoko dituzte eta bi areka egingo dituzte. EAJko Roman Berriozabal zinegotziak galdetu zuen ea justifikaziorik dagoen lan horiek egiteko, eta ea auzotarrek ez duten "susmo txarrik" hartuko kalearen zati bat bakarrik konpontzen badute. Altuna alkateak erantzun zion azterketa Foru planera aurkezteko egin zutela. Gaineratu zuen, Bixili inguru hori dela "suhiltzaileen kamioi bat sartzen ez den leku bakarra", eta hori "nahikoa justifikazio" dela. Lan horiek egin ahal izateko zehaztutako prozedura jarraituko beharko dute: aldizkari ofizialean agertu beharko da kreditu aldaketa, eta ondoren obren esleipena egin beharko dute. Aldeko hiru botorekin eta bi abstentziorekin onartu zuten kreditu aldaketa.
Aipatutako lanez gain, beste zenbait lan ere egingo dituzte: Ipurtotzetik goraka bidea konpondu, eta Gureian eta Arragan hainbat lan egitea.
Lursailak erosteko laguntza
2017ra begira, Aramaioko Udalak hainbat lursail erosteko interesa aurkeztu du. "2017an lursailak erosteko laguntzak emango ditu Aldundiak", azaldu zuen alkateak. Eskaera horiek egiteko azken eguna, atzo, uztailaren 7a zen. Udalak hiru lur-jaberekin hitz egin du sailak erosteko: mendi publiko izaera eta aparkaleku bat egiteko interesa erakutsi du Udalak.
Adierazpena
Aniztasun eta identitate sexualen aldeko adierazpena ere onartu zuten eguenean egindako osoko bilkuran. Aldeko bost boto izan zituen adierazpenak. Horrez gain, feminista talde batek aurkeztutako idatzia onartu zuten; pregoian idatzia irakurtzea onartu zuten, eta baita herriko kaleetan jartzea ere.