San Martin jaiak 2016

Gazte Asanbladak antolatuta hainbat berritasun izango dira aurtengo jaietan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2016ko uzt. 1a, 13:00

Egitarau zabala prestatu dute Gazte Asanbladakoek aurtengo jaietarako. Hainbat ekitaldi dagoeneko errotuta daude herrian, baina badira iaz estreinatu eta arrakasta izan dituztenak ere; eta, baita aurten estreinatuko dituztenak ere, adibidez, Zuk in zuk jan afaria.

Berritasunak 

Hainbat berritasun egongo dira 2016ko San Martin jaietan. Horietako bat zapatutik domekara bitarteko gauean egingo duten makro twister-a izango da; 06:00etan egingo dute txosnetan.  

Domekan bi ekitaldi estreinatuko dituzte: punk a capella poteoa eta Zuk in, zuk jan afaria. Lehenengoa etzi, domeka, egingo dute 18:30ean. Poteo herrikoi bat izango da eta berezitasuna izango da punk abestiak abestuko dituztela "abesbatzen modura". 

Zuk in zuk jan afaria txosnetan izango da, 21:00etan. Bakoitzak bere jana eraman beharko du etxetik; han, txosnetan, denek elkarrekin jango dute. Beste herri batzuetan arrakasta handia izan duen ekitaldia da hori.

Film laburrak eta berbapasie 

Bigarrenez egingo dute film laburren lehiaketa. Aurtengo gaia izango da Azken azeitxunie, eta lanak aurkeztu beharko dira zapaturako, txosnetan. Domekan eskainiko dituzte lanak, eskaileretako emanaldiaren ostean.

Film laburren ostean, berbapasie egingo dute txosnetan. Antolatzaileek berba bat emango die bikotea bati. Bietako batek, berba hori aipatu barik azalpenak eman behar dizkio besteari, bigarren horrek hitza asma dezan.

Kuadrillen arteko pikea

Azkeneko urteetako ohiturari jarraituz, jaietako azkeneko egunean, astelehenean, kuadrillen arteko pikea egingo dute parkean, 16:00etan. Gazte kuadrillek euren artean lehiatu beharko dute: horretarako, hainbat proba gainditu beharko dituzte. Kuadrillen ohorea egongo da jokoan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak