San Martin jaiak 2016

Musikari eta lagun handi bati omenaldi ezin aproposagoa

Maite Txintxurreta 2016ko uzt. 1a, 10:25

Xementerio taldeko Iban Elejalde gogoan izango dute zapaturako antolatu duten musika jaialdia, haren heriotzaren 10. urteurrena gogora ekarriaz.

Iban Elejalde, herriko Xementerio punk talde ezaguneko kide zenari omenaldia egingo diote aurtengo jaietan, bere heriotzaren 10. urteurrenean.

Omenaldi horren muina, nola ez, musika izango da. Hala, bihar, uztailak 2, Ibanen lagunek osatutako taldeak, El Exterminio de la Raza del Monok, Libertad Concicionalek eta Zarzamorak joko dute plazan, gauerdian hasita. Baina hitzordu nagusia Xementerioren itzulera izango da, hauek ere igoko baitira agertokira.

Herriko artistak agertokian

Iban Elejalderen omenaldian aramaioarrak izango dira protagonista. Musika taldeekin hasi aurretik Manex Agirre eta Xabi Igoa herriko bertsolariek hartuko dute mikrofonoa, Elejalde gogoan hartuta bertsotan egiteko.

Bertsolarien ostean, musikarien txanda etorriko da, horiek ere aramaioarrak. Lehenik eta behin, Libertad Condicional taldea igoko da taula gainera. Beraien ostean, aldiz, Ibanen Lagunak taldeak joko du, zapatuko ekitaldirako bereziki elkartutako taldea. Herriko musika talde desberdinetan diharduen jendea da, eta bertsioak joko dituzte. Hauek bukatzean, El Exterminio de la Raza del Monok astinduko ditu gitarra eta ahots kordak, eta azkenaurrekoak, berriz, Zarzamorakoak igoko dira plaza musikaz girotzen jarraitzeko. Talde guztiek doan joko dute, omenaldi berezi honetan laguntze aldera.

Lau talde horien ostean, eguneko hitzordu handia iritsiko da: Xementerioren itzulera. Iban Elejalde hil zela hamar urte pasatu badira, taldeak azkenengo zuzenekoa duela bederatzi urte eskaini zuen, Elejalderen heriotzeko lehen urteurrenean hain zuzen ere.

Itzulera berezia

Xementerio taldeko kide Gorka Ariasek dio beraientzat itzulera hau "berezia" izango dela. Urtebete inguru doaz entseguekin, azaldu duenez. "Ez dakigu jarraituko dugun talde moduan, baina omenaldia egiteko elkartu gara eta gogoz gaude", dio.

Ordu eta laurden inguruko emanaldia eskainiko dute, eta "denetarik" joko dutela azaldu du Ariasek: "batzuk zaharrak eta beste batzuk beste garai batean egindakoak".

Hala, gogora ekarriko dituzte herririk herri punk doinuez agertokiak astintzen igarotako urteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak