San Martin jaiak 2016

Dantzarien eta txistularien pregoiarekin ekingo dituzte jaiak Aramaion

Arantzazu Ezkibel Galdos 2016ko uzt. 1a, 10:30

Gaur hasiko dituzte San Martin jaiak Aramaion. Beti bezala, txupinazoa eta pregoia izango dute jaiei hasiera emateko. 19:00etan izango da, udaletxeko balkoian. Aurten, herriko txistularien eta dantzarien ardura izango da pregoia; jai batzordeak hainbeste urtetan egindako lana eskertu gura die. Modu horretan, omenaldi xumea jasoko dute bai txistulariek eta baita dantzariek ere. 

Txistulariek erretiroa hartu zuten iaz

Jai batzordearen asmoa da bai txistulariei eta baita dantzariei ere omenaldi xumea egitea. Izan ere, beti herriko jaiak alaitzen eta girotzen ibili diren txistulari eta danboril-joleek iaz erretiroa hartu zuten. Hala, Joakin, Patxi eta Juan Jose Aiastui eta Bizente Mondragon izango dira pregoilariak. Modu horretan, urteetan egindako lana eskertu gura diete.

Dantza taldearen 60. urteurrena

Txistulari eta danbolin-joleekin batera Lagun Artean dantza taldekoak ere izango dira balkoian. Aurten 60. urteurrena ospatzen dabiltza dantza taldean; urteetan dantzaren bitartez eskainitako une hunkigarriak eskertu gura diete modu horretan. Dantza taldearen asmoa da elkartearen sorreran egon zirenen ordezkaritza eta gaur egun daudenen ordezkaritza bat igotzea balkoira: Morras, Gemma Arriolabengoa, Lurdes Uribarren, Xabi Igoa, Goiuri Larrañaga eta Ibon Kortabarria izango dira.

Jaiak eztanda egin ostean, trikiti eskolako Trikikalejira taldearekin kalejira egingo dute herriko kaleetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak