Hainbat ekitaldi antolatu dituzte, gaur, Arabako odol emaileen egunean. Urtero, herri batean egiten dute ohiko batzarra, eta aurten Aramaion izan da. Guztira, 240 lagun batu dira bertan, eta oso gustura izan dira egin dituzten ekintza guztietan.
Goizean, Aramaiora heldu direnean ogitartekoa eta ardoa hartzeko aukera izan dute odol-emaile eta laguntzaileek, eta gero, ohiko batzarra egin dute kultura etxean. Batzarraren ostean, 12:00etan, meza izan dute San Martin elizan, eta bazkaria herriko pilotalekuan egin dute.
Dantzariak ere izan dira, eta Aramaioko Udalarekin opariak elkar trukatu dituzte. Arratsaldean, berriz, Aramaio ezagutzeko aukera izan dute, eta herriko bisita gidatuaz eman diote amaiera egunari.