Talde gazte eta berria
Trikiti doinuak eskainiko dituzte Enbata taldekoek gaur. Talde gaztea da, eta baita hasi berria ere. "Maiatzean Bergaran egin zen trikiti egunerako sortu genuen taldea", azaldu du Maialen Madina taldekideak. Ordutik beste emanaldi bat ere eskaini dute; hain zuzen, Aramaion, Erainek antolatutako jaialdian.
Gaurkoa bigarren emanaldia izango da Julen Ibabe –bateria–, Xabi Zuazabeitia –baxua eta ahotsa–, Idoia Azurmendi –gitarra eta ahotsa–, Amaia Arregi –trikitia– eta Maialen Madina –panderoa– gazteendako. Lehenengo hiru neskak igoko dira agertokira, eta hiru abesti eskainiko dituzte. Ondoren igoko dira mutilak eta emanaldiarekin jarraituko dute. Herritarren aurrean jo behar arren, "lasai" daudela azaldu du Madinak. Abesti ezagunen bertsioak egiten ditu taldeak.
Herrikoak eta kanpokoak
Hurrengo barikuan Libertad Condicional taldeak eskainiko du emanaldia, 20:00etan, Sastiñan. Azkeneko barikuan, ekainaren 24an, Gijonetik etorritako Viento Con Alma taldearen txanda izango da. Flauta, ahotsa eta kalimba doinuak ekarriko dituzte asturiarrek.