Arabako bertso eskoletako kide gazteenak izan ziren atzo Aramaion. Batzuk lau oinetan aritu ziren, beste batzuk bertso sorta jarriak kantatuz eta nagusienek bat bateko saioa osatuz.
Aramaioko eta Legutioko ikasleek bertso sorta jarriak eskaini zituzten lehenengo. Eta ostean, sei gazte izan ziren norgehiagokan Maria Izagak jarritako lanei erantzunez: Aroa Arrizubieta, Markel Yoller, Martin Abarrategi, Peru Amorrortu, Unai Anda eta Xabier Antia. Zortziko handian, zortziko txikian, puntu erantzunetan eta gaiari kantatuz jardun zuten. Azkenean, Aroa Arrizubietak jaso zuen Arabako mikro erreleboa; iaz garaile izan zen Peru Abarrategik berak pasatu zion erreleboa. Egurrezko mikro honek urtero erreleboan etxez etxe, familiaz familia, auzoz auzo, herriz herri eta Arabako kuadrillaz kuadrilla ibiltzeko helburua du.
Aroa Arrizuebieta eta Peru Amorrortu Bertxilika Bertso Eskolako kideak izango dira aurten Euskal Herriko Eskolarteko finalean Arabako ordezkari. Ereñozun ospatuko dute egun hori.
Herriko kaleetan trikipoteoan ibili ziren gazteak gero. San Martin eskolako jantokian bazkaldu zuten ondoren eta eguna bukatzeko, herri olinpiadak, lokotxetan, eskiak oinetan eta sokatiran jardun zuten, beti ere, kantatzeari utzi gabe, puntuak eta oinak jarriz.