"Ekainaren 5ean, Debagoieneko herriokin eta Aramaiorekin batera, goierritarrak ere erabakitzen hasiko dira, eskualdeko herri guztietan galdeketak eginez", azaldu dute Eraineko kideek. "Bada, bi eskualdeen arteko topaleku izango da Aramaio, zapatuan", diote. Galdeketarako azken txanpa bete-betean, "bertso-saio ederra" antolatu du Erain Debagoienak. Goierriko bi bertsolari handi etorriko dira Aramaiora: Iñaki Murua eta Aitor Sarriegi. Beraiekin batera, Paula Amilburu aramaioarrak eta Jokin Labayen arrasatearrak kantatuko dute, Manex Agirre gai-jartzailearen aginduetara.
Sarrerak kultura etxean eskura daitezke.