Bi zati izango ditu emanaldiak: lehenengoan abesti herrikoiak entzungo dira eta bigarren zatian lirika doinuak izango dira nagusi: "Abesti herrikoiak eta zarzuelan ezagunak diren abestiak eskainiko dituzte", azaldu du Bittor Kortabarria musika zaleak eta Arrasate Musikaleko bazkideak.
Aramaioarrak kantuan
Maria Izaga sopranoak zabalduko du emanaldia I dreamed a dream –Los Miserables– abestiarekin. Emanaldian parte hartuko duen aramaioar bakarra izango da Izaga. Abesti horrez gain, A thousand years –C. Perri– eta Mozarten Ridente la calma ere abestuko ditu. Gainerako abeslariak izango dira: Amaia Zubiria, Mertxe Salaberri, Joserra Mendizabal, Mikel Izurrategi, Katya Martin, Enrike Altuna, Ruth Osinaga, Susana Vazquez, Cristina Cubillo eta Lander Oianguren.
Euskal kanten artean, Benito Lertxundiren Oi ama euskal herria, Olaizolaren Aurtxo Polita eta Usandizagaren Mendi-mendiyan eskainiko dute. Guztira 25 kantu edo obra eskainiko dituzte gaurko emanaldian.
Doan izango da
Arrasate musikaleko kantu eskolako irakasle Tere Gonzalezen gidaritzapean abestuko dute, eta Eduardo Arzamendi eta Marta Izagirre izango dira pianoan laguntzen. Emanaldia doan izango den arren, borondatea jasoko dute.
Arraste Musikalek eta Aramaioko kultura sailak antolatu dute saioa, elkarlanean.