Sara Alonso izan zen mikrofonoaren aurrean kantuan jarri zen lehena; euskarazko eta ingelesezko hainbat abesti kantatu zituen, pianoaren eta gitarraren laguntzarekin. Ondoren, Beñat Arizabaletaren txanda izan zen eta hainbat hizkuntzatan beste kantu sorta bat abestu zuen. Azkenik, Aramaioko hiru lagunek eta Aretxabaletako bik osatzen duten Enbata taldeak euskaraz abestu zituen kantu guztiak; erromeriatan jotzen den estiloko musika izan zuten ardatz eta bukaeran Gure Esku Dago abestia kantatu zuten, ikus-entzuleen laguntzarekin. Ordu eta laurdeneko musika jaialdia izan zen kultura etxean.
Antolatzaileak pozik
Erain Debagoienako komunikazio taldeko kide den Nuria Fernandez de Arroiabek ekitaldiaren balorazio positiboa egin du. Adierazi du herri galdeketa aurrera eramateko dauden gastuei aurre egiteko, eskualde eta herri mailan hainbat ekintza antolatzen dabiltzala, autofinantzaketa bitartez egin behar diotelako aurre gastuei, eta ekintza horietako bat izan dela egubakoitz iluntzeko musika jaialdia.
Jaialdiaren helburua gazteengana iristea izan dela gaineratu du eta ekitaldiak balio izan zuela baita ere azken txanpako sinadurak lortzeko. Protokoloak finkatutako %5a, 150 sinadura ziren, eta euren erronka herrian 250 sinadura jasotzea zen. Dagoeneko, baina, gainditu dituzte erronka bezala zituzten 250 sinadurak, eta 270 sinaduraren bueltan dabiltza.