Aste honetan hasiko da 2015eko errentaren kanpaina Araban; %65ak eginda jasoko du aitorpena etxean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2016ko mar. 22a, 09:51

Aste honetan bertan abiatuko da pertsona fisikoen errentaren 2015eko kanpaina. Arabarren % 65ak etxean jasoko du aitorpena eginda, eta horiek apirilaren 6tik aurrera kobratu ahal izango dute. Errenta aitorpena ogasun bulegoetan edo finantza erakundeetan egingo dutenek apirilaren 18tik ekainaren 16ra arteko epea izango dute. Horiek hitzordua eskatu beharko dute apirilaren 7a baino lehen.

Arabako Aldundiak pertsona fisikoen 2015eko errentaren kanpaina aurkeztu berri du. rent@facil-ekin Arabako 112.308 zergadunei etxera bidaliko zaie aitorpen eginda. Horiek apirilaren 6tik aurrera kobratu ahal izango dute. Ogasunak konpromisoa hartu du gehienez ere 48 orduan itzultzeko dirua.

%8,8 gehiago biltzea aurreikusi du Aldundiak

Aste honetan hasi den kanpainarekin %8,8 gehiago biltzea aurreikusten du Aldundiak. Interes tasa jaitsi izana, funtzionarioek aparteko ordainsaria berreskuratu izana eta BGAEetatik gehiago berreskuratu izana dira aurreikusten den gorakadaren arrazoiak.

"Arabarren erosteko ahalmenak gora egin duela pentsarazten digu", azaldu du prentsaurrekoan Jose Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak kanpainaren aurkezpenean. “Interes tasak behera egin izana eta, ondorioz, bai eta etxebizitza kenkariek ere, eta zenbait funtzionariok aparteko ordainsaria berreskuratu izana eta erretiratu ondoren beren BGAEa berreskuratu duten arabarrak ere gehiago izatea” dira gorakada hori azaltzeko diputatuak aipatu dituen faktoreetako batzuk.

Kanpaina honetan, guztira, 173.150 pertsonak egingo dute zerga aitorpena Arabako lurralde historikoan. Batez beste espero dute 1.033 euro itzultzea eta 1.357 euro jasotzea.

Hitzordua eskatu behar da apirilaren 7a baino lehen

Errenta aitorpena ogasun bulegoetan edo finantza erakunde, aholkulari bulego edo kudeatze agentzia laguntzaileetan egingo duten zergadunek apirilaren 18tik ekainaren 16ra arteko epea izango dute horretarako. Horiek Ogasunak Gasteizen duen egoitzara eta Laudion eta Guardian dituen bulegoetara jo beharko dute; salbu eta ekonomia jardueretan dihardutenek, beren ohiko etxebizitza 2015ean saldu dutenek edo ekitaldian zehar higigarrien hiru salmenta eragiketa baino gehiago egin dituztenek. Hitzordua eskatu beharko dute apirilaren 7a baino lehen: internet bidez, www.araba.eus helbidera idatzita; telefonoz, 901 50 40 30 deituta; edo bertatik bertara informazio puntuetan –Gasteiz –Samaniego kalea–, Kanpezu, Murgia, Oion eta Agurain–.

46 laguneko lan poltsa

Arabako Foru Aldundiak lan poltsa bat deitu du kanpaina honetarako. 46 pertsonak indartuko dute urte osoan zehar ogasunak duen taldea. Guztira, 68 pertsona, Arabako zergadunek aurkeztuko dituzten aitorpenen %71 baino gehiago egiten jardungo dutenak. Pertsona horiek Gasteizko egoitzan –Samaniego kalea–, Laudioko edo Guardiako bulegoetan egongo dira.

Kenkariak mantenduko dira

Ekitaldi honetan PFEZaren kenkari eta murrizketei eutsiko zaie. Horien artean hauek nabarmendu behar dira: ondorengoen kenkaria (585 euro lehen seme-alabarengatik, 724 euro bigarrenarengatik eta 1.233 hirugarrenarengatik), adinaren kenkaria (334 euro 65 urtetik gorakoei eta 612 euro 75etik gorakoei) eta ezintasun edo mendetasun kenkariak, graduaren araberakoak. Nabarmentzekoak dira, gainera, BGAEren murrizketak, baterako zerga ordainketaren murrizketak eta ohiko etxebizitzaren kenkaria, nola alokairuarena hala erosketarena edo etxebizitzarako aurrezki kontua delakoarena.

“Zerga sistema progresiboa daukagu, non gehiago dutenek gehiago ordaintzen duten”, adierazi du Cimianok. Horren lekuko da, apirilaren 4an hasiko den ondarearen gaineko zerga. 2015eko ekitaldirako aurreikusi dute 1.625 arabarrek aitortzea zerga hori. Horretara behartuta daude ondasun eta eskubidetan 2 milioi euro baino gehiago dituztenak. Ogasunaren aurreikuspenen arabera, ondarearen zerga dela-eta 16,2 milioi euro eskuratuko dira; hau da, 10.452 euro zergaduneko, batez beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak