Garai batean pediatra Aramaion egoten bazen ere, biztanle kopurua tarteko, zerbitzu hori kendu egin zuen Osakidetzak. Udalak hainbat urte egin ditu Osakidetzarekin harremanetan zerbitzua berreskuratzeko –izan ere, herritarrek kexa asko jarri izan dituzte galera horregatik–. Bada, berriro ere jarriko dute zerbitzua Aramaion. Etorkizuneko behar eta eskaeren arabera Udalak eta Osakidetzak balorazioak egingo dituzte eta egin beharreko moldaketak egin. Konpromiso hori hartu dute bi erakundeek.
Aramaioko betiko pediatra
Zerbitzua eskainiko dute orain arte Aramaioko umeekin ibili den pediatrak eta pediatra erizainak. Bi astetik behin etorriko dira Aramaiora, eguaztenetan, 13:00etatik 15:00etara. Orain arteko bideak erabili beharko dira pediatrarekin zita hartzeko.
Udalak zerbitzua erabiltzeko deia egin du
"Aramaioko Udala asko pozten da zerbitzu hau berreskuratu izanaz eta eskerrak eman nahi dizkio bailarako Osakidetzari moldaketa hau egiteko prestutasuna izan duelako", azaldu du Lierni Altuna alkateak. Zerbitzua erabiltzeko deia egin die herritarrei Udalak.