"Egun ederra izan zen atzokoa. Arabako hainbat abesbatzek elkarrekin abesteko aitzakia bat baino gehiago da Arabatxok -Arabako Haur Abesbatzen Federazioak - urtero antolatzen duen topaketa. Errealitate eta egoera oso ezberdinak bizi dituzten ikastetxe eta abesbatzetako haurrak dira, kulturartekotasuna bultzatzeko aitzakia aproposa da, beraz, atzo Aramaion egin genuen topaketa. Goizean elkartu ginen, arratsalderako kontzertua entseatu eta elkarrekin gustura asko jolastu zuten. Partaide gehienak Gasteizkoak baziren ere, Aramaio ez zuten ezagutzen. Haurrak eta helduak, oso gustura ibili ginen!", azaldu du Larraitz Arriolabengoak, Papargorri abesbatzako zuzendariak.
Kantuz-kantu, munduan zehar bidaiatuz
Zortzi kantu abestu zituzten kide guztiek elkarrekin. Kulturartekotasuna bultzatzea dutenez helburuetako bat, askotariko herrialdetako kantuak aukeratu zituztela kontatu du Aramaioko abesbatzako zuzendariak: "Jesus Guridik haurrentzako idatzitako hiru kantu izan ziren lehengoak; ondoren, besteak beste, Afrikako kantu bat, Japoniako bat, eta David Azurza eta Jesus Elberdin euskal konposatzaileenak abestu genituen. Abesbatzetako zuzendariak gainera, luxuzko gonbidatu bat izan genuen abeslariak zuzentzen: Iruñeko Orfeoi Txikiko zuzendaria den Teresa Apeztegia".
Abeslariek gainera, ikusleek ere asko gozatu zuten emanaldiarekin, egin zituzten txalo zaparradak, horren erakusle.