"Dantza taldean ibilitako jendea eta ospakizunetan parte hartu gura duen herritar denak daude gonbidatuta bilera irekira", diote Ainara Inuntziaga eta Goiatz Burgi dantza batzordeko kideek.
Uda ostean izango da
Ospakizun nagusia uda osterako utzi dute: urriaren 15ean egingo dute, egun guztiko jaia. Oraindik hainbat gauza zehaztu barik dituzten arren, bi ekintza nagusi egitea dute buruan dantza taldekoek: batetik, argazki zaharren erakusketa egin gura dute Sastiñan; eta, bestetik, euskal jantzien inguruko hitzaldia.
Urriaren 15ean egingo duten festarako dantzarien kalejira, emanaldi berezia frontoian, herri bazkaria eta dantzaldia egitea aurreikusten dute. "Esan bezala, gauza asko oraindik zehaztu gabe ditugu baina urrian izango den festa antolatzeko komeni zaigu honen berri ematea eta jendea animatzea", diote Inuntziagak eta Burgik. Besteak beste, jaialdian parte hartuko duten pertsona kopuruaren arabera dantzarako entseguak finkatu beharko dituzte.
65 lagun daude taldean
Aurtengo ikasturtean gaztetxo talde batek izena eman du dantza taldean, tartean hainbat mutilek. "Pozik" daude, garrantzitsua delako mutilak ere taldean egotea. Iaz, esaterako, mutilez osatutako talde bat estreinatu zuten. "Garrantzitsua da hori, izan ere azkeneko urteetan neskek egin ditugu mutilen dantzak", diote batzordeko kideek.
Aurten 65 pertsona inguru dabiltza dantza taldean, umeak eta nagusiak. Talde bakoitzak ordubeteko entsegua egiten du astean, Ivan Garcia arrasatearraren gidaritzapean. "Dagoeneko hasi gara hurrengo zita prestatzen: Aramaioko San Martin jaiak, uztaileko lehen asteburuan", diote dantza taldeko kideek.