2016ko aurrekontuak eta lehentasunak zehazteko bilera irekia egingo dute gaur, egubakoitza

Arantzazu Ezkibel Galdos 2016ko ots. 19a, 10:22

2016ko aurrekontuak eta Aramaioko udalerriko lehentasunak identifikatu eta zehazten hasteko prozesua hasiko dute gaur. Bilera irekia egingo dute Udaleko pleno aretoan, 18:30ean. Prozesua ahalik eta zabalena izateko herritarrak animatu nahi dituzte bileran parte hartzera.

Aurrekontuen eta herriko plangintzaren inguruko lehen bilera izango da egubakoitzean egingo dutena. Bi helburu nagusi izango ditu:

  • Udalaren sarrera eta gastuen inguruko egituraren azalpena eman, Udalaren funtzionamendua ekonomikoa ulertarazteko.
  • Aramaioko Udalerriak arloz arlo izan beharko lituzkeen lehentasunak denon artean erabakitzeko bide berri baten plangintza azaldu eta denon artean bide horri ekin.

"Gauza praktiko bat izango da. Gure aurrekontuak oso mugatuak dira, eta mugapen horretan obra handiek eramaten dituzte diru gehiena –diru-laguntzetan eskatzen dugunaren zatia pagatzen–", azaldu du Lierni Altuna alkateak.

Horren harira alkateak gehitu du aurtengo aurrekontuetan zentratzea ez litzatekeela "erreala izango". 

Prozesu zabala

Prozesua ahalik eta parte-hartzaileena izateko auzo-alkateak eta elkarteetako ordezkariak gonbidatu dituzte batzarrean parte hartzera; horiez gain, gainerako herritarrak ere gonbidatuta daude bilerara.

"Ideia da egitura jendeari azaltzea eta horren barruan lehentasunak markatzea", dio Altunak. Lehentasunak identifikatu nahi dituzte arloka: "Adibidez, zer da kulturan egin beharko litzatekeen lehenengo gauza? Hala, hurrengo diru-laguntzak datozenean lehentasunak zeintzuk diren jakingo ditugu eta horren arabera eskatuko dugu", azaldu du alkateak. Horregatik, gaur hasiko duten prozesuak hurrengo urteetarako balioko du.

Lehentasunak markatu 

Gaurko batzarra errazteko, arloak zehaztuta eramango dituzte udal ordezkariek: auzoak eta euren beharrak, kultura eta kirola, euskara, hezkuntza, ongizatea, eta ingurumena, mendia eta nekazaritza. 

Lehentasunak identifikatzen dituztenean lehentasun horiei ze garrantzia eman erabakitzeko botatu egingo dute: "Erabakitzeko dago zela egingo dugun, horri forma ematea falta zaigu oraindik; botatzeko epe bat zabal dezakegu, adibidez", dio Altunak. Gaur hasiko duten prozesuak jarraipena izango du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak