San Martin eskolarendako ekitaldi garrantzitsua izaten da Ir a kurrin kurrin saioa; hala, "pozik" daude gaur gauerako 70 bat lagunek izena eman dutelako, "inoiz baino gehiago", Mari Karmen Garridoren esanetan. Esperientzia "polita eta interesgarria" izaten da literaturaren inguruan eskolan egiten dutena.
Afari sahararra
20:00etan egingo dute hitzordua eskolan bertan. Ormaiztegitik etorritako sahararren bisita izango dute; euren eskutik, Saharako kanpalekuetan nola bizi diren jakingo dute. Ondoren afaria egingo dute: irakasle eta gurasoek osatutako batzordeak prestatuko du afaria.
Afaldu ondoren Smara liburuaren gainean jardungo dute. "Dagoeneko liburua irakurri dute. Eskatu duguna da bakoitzak aukera dezala liburuaren pasarte bat", dio Mari Karmen Garrido irakasleak. "Zazpi taldetan banatuko gara; eta aukeratutako pasarteen gainean jardungo gara", dio. Modu horretan, guztien iritziek berdin balio dutela erakutsi gura dute, besteak beste. "Pertsona batek daukan ikuspuntuak gure ikuspuntua aberastu dezake", gaineratu du Garridok.