Junjo Peciña ugazabak egin zien ongietorria guztiei eta Agirre eta Igoaren bertsoen ondoren sagardoa dastatu zuten guztiek. "Sagardo bizia da aurtengoa, samur edaten dena, sagar ederrak izan ditugulako", zioen Peciñak. Eta Arabako sagardogileen presidente den Juan Antonio Aretxagak hori berretsi zuen: "Sagar uzta oparoa izan dugu 2015ean, sano-sanoak gainera, eta horrek sagardo ederra eman du". Sagardoa ez ezik, sagar-zukua ere gero eta gehiago egiten dutela jakinarazi zuten; hala, aurten Araban egin diren 120.000 litrotatik erdia sagardoa izan dira eta beste erdia sagar-zukua.
Umeak, gazteak, helduak eta nagusiak elkartu ziren Iturrietan, eta batzuek sagardoa eta besteek sagar-zukua, guztiek edan zuten gustura 2016ko uzta.