Lehengo Gabon kantuak ez dira galduko Aramaiokoa moduko topaketekin

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko abe. 20a, 09:31

Gabon katuen topaketa egin zuten atzo, zapatua Aramaion. Badira urte batzuk Legutio, Otxandio, Arrasate eta Aramaioko kantuzaleak batzen hasi zirela lehengo Gabon kantak ez galtzeko helburuarekin. Aldiko herri baten elkartzen dira eta aurten Aramaiori egokitu zaio anfitrioi lanak egitea. 

Elizan egin zuten kontzertua esandako herri guztietatik etorritako taldeek. Aramaiok ireki zuen kontzertua: Papargorri haur abesbatzak, Alaiak erretiratuen elkarteko taldeak, Bixente Goikoetxea abesbatzak eta zenbait herritarrek osatutako beste talde batek hartu zuten parte. Aipatzekoa da, Alaiak erretiratuen elkarteko taldeak debuta egin zuela; duela urte bat hasi zituzten entseguak eta atzokoa izan zen euren estreinako kontzertua. 

Otxandioarrak izan ziren bigarrenak abesten: eskola umeez osatutako bi taldek eta Oihandi-Soinubil abesbatzak hartu zuten parte.

Legutioarrak izan ziren hirugarrenak parte hartzen bi talderekin: familiez osatutako taldea eta nagusi taldea. Eta amaitzeko, Arrasateko Portaloi taldeak lau Gabon kanta abestu zituen.

Topaketari amaiera emateko, parte-hartzaile eta entzuleek, elkarrekin, Hator Hator abestu zuten.

Hauek topaketan abestutako lehengo Gabon kantuetako batzuk: Jainko haurre jaio zaigu; Noel, Noel; Irten ezazu; Zer egin eta zer jazo da; Gaur Belenen; Gabon gabien usu dugunok; Jesus gure arbolea; Bedinka gerta dedilla; San Nikolas; Aginaldo, Inuzente; Urte barri-barri; Erregen-erregen; Oles-oles; Olentzero; eta Gabon-Gabon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak