Mozambiken bizitakoak ekarriko ditu Miren Amurizak Aramaioko kultura etxera

Kapulana bat zintzilik emanaldi berezia eskainiko du Miren Amuriza bertsolariak bihar, zapatua, 19:00etan Kultura etxean. Mundukide Fundazioa eta Lanku Bertsozale Elkartea dira antolatzaileak, Udalaren laguntzarekin.

Mozambikeri buruzko argazki erakusketa ibiltariaren harira sortutako emanaldia da Kapulana bat zintzilik. Argazki erakusketa kooperatibaz kooperatiba eraman du Mundukidek, eta orain herrietan erakusten dabiltza. Erakusketa janzten du Amurizak bertso eta ipuinekin.

Oihal koloretsuak

Kapulanak Mozambikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko erabiltzen dituztenak. Modu askotan erabil daitezke eta edozer aurki daiteke zapi handion estalpean.
Emanaldian kapulana bat zabalduko du Amurizak, eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako ditu. Amuriza Mozambiken izan da aurtengo udan, eta han bizitakoak ekarriko ditu kultura etxeko taula gainera.

Mozambikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dute bidaia. "Kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz arituko naiz", azaldu du Amurizak. Topikoetan ez jaustea izan da Amurizaren ardura handiena emanaldi hau prestatzerakoan. Ordubete eta laurden inguru iraungo du emanaldia. Bertsolariak istorioak kontatzen dituen bitartean Eider Eibarrek ilustrazioekin lagunduko du emanaldia.

Hausnarketa txikiak

Biharko emanaldia ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz jositako kontakizuna baizik. "Mozambiken bizitakoaren harira egindako gogoetak", dio Amurizak. Mundukidek Mozambiken duen proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du berriztarrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.