Bi talde egin dituzte: 14 urtera artekoak eta helduak. Bada, gaztetxoen galdera sorta dagoeneko kalean da. Gaur arte izango dute erantzuteko aukera, kiroldegian eta kultura etxean. Bigarren galdera sorta azaroaren 23tik azaroaren 27ra arte izango da. Nagusiena, aldiz, lehenengo sorta azaroaren 22ra arte izango da; eta, bigarrena, azaroaren 26tik 29ra. Galderak daude: Anboton, Anusen, B. Azpilikuetan, Dukienan, Ekin, Ibarra okindegian, Kintelan eta Unzuetan. "Euskararen eta Aramaioren inguruko galderak dira", azaldu du Rosa Mondragon euskara jarraipen batzordeko kideak.
Sariak Euskararen Egunean, abenduaren 3an, 18:00etan, Sastiñan banatuko dituzte. Nagusien sariak izango dira: lehenengoarendako bi pertsonarendako afari bat; beste hiru sari ere egongo dira –herriko produktuen otarrak–. Gaztetxoen sariak izango dira: bi bono materiala erosteko.
'Amama' filma
Hurrengo egubakoitzean, azaroaren 27an, Amama filma eskainiko dute kultura etxean. Asier Altuna bergararraren lana, 22:30ean eskainiko dute.
Herri lasterketa eta Aukeran
Euskararen Egunaren harira, berrikuntzetako bat herri lasterketa izango da. Kontseiluak bidalitako gonbidapena onartu, eta herri lasterketa antolatu dute azaroaren 28rako, 12:00etan. Hiru ibilbide antolatu dituzte: lehenengoa, 270 metrokoa izango da eta 6 urtera arteko umeei zuzendutakoa da; bigarrena, 725 metrokoa, 6-12 urte bitarteko umeei zuzendutakoa; hirugarren ibilbidea, 2,2 kilometrokoa. 12-16 urte bitartekoek itzuli bat egin beharko dute; eta, 16 urtetik gorakoek bi itzuli –4,4 kilometro–. Amaieran luncha eta photocall-a egongo da. Izen-ematea zabalik dago: udaletxean, kultura etxean eta euskara@aramaio.eus helbidera mezua bidalita.
Azaroaren 28an, gainera, Aukeran dantza konpainiaren ikuskizuna ikusteko aukera egongo da, Txirritola euskara elkarteak antolatuta. Aramaioko kultura etxean izango da, 20:30ean. Edu Muruamendiaraz bergararrak zuzentzen du Aukeran konpainia.
Hika ikastaroa
Txirritola euskara elkarteak Aramaioko hika ikasteko saioak antolatu ditu. Azaroaren 24an eta 25ean izango dira, 18:00etatik 20:00etara, udaletxean. Txipi Ormaetxeak emango ditu eskolak, saio teoriko eta praktikoak. Izena emateko azkeneko eguna gaur da, egubakoitza: liburutegian, udaletxean edo txirritola@gmail.com helbidera idatz daiteke.