Kiroldegian 70 metro koadroko gimnasioa egokitzeko lanak egitea onartu dute osoko bilkuran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko aza. 6a, 13:00

Ez ohiko oso bilkura egin zuten atzo iluntzean. Bi puntu onartu zituzten aho batez: kiroldegian obra txiki bat eginda 70 metro koadroko gimnasioa egitea batetik; eta, bestetik, Aixola auzoko bidexka baten arekak egiteko diru-laguntza eskatzea. Horrez gain, bi adierazpen instituzional onartu zituzten EH Bilduren aldeko botoekin.

Obra txikiak egiteko laguntzen programan diru-laguntza eskatzea onartu zuten aho batez atzoko ez ohiko osoko bilkuran. Kiroldegian gaur egun dagoen gimnasioa "txikia" dela eta ez dela "ezertarako erabiltzen" azaldu zuten. Hala, asmoa da komunak desplazatu eta 70 metro koadroko gimnasio bat egitea. Horretarako, 35.000 euroko diru-laguntza eskatuko dute obra txikiak egiteko laguntzen 2016ko programan. "Lehenengo fase honetan gela handitu egingo da; bigarren fase baten gela atontzeko lanak egingo ditugu", azaldu zuen Lierni Altuna alkateak.

Auzoko bidexkak

Aixola auzoan malda handia duen bidexka bat dago; bada, negu partean urak material asko ekartzen du eta estolderia bete egiten da. "Auzoaren asmoa zen bidexkan ormigoia botatzea, baina teknikoak bisitan egon dira eta hori ezingo da egin", azaldu zuen Martin Arriolabengoa zinegotziak. Hala, dagoena egokitu eta konpondu egingo dute: arekak egingo dituzte. 19.000 euroko diru-laguntza eskatuko dute auzoen arteko harremanetarako 2016ko programaren kontura. Aho batez onartu zuten eskaera.

Arabako lanak S.A.

EH Bilduk Arabako Lanak S.A. mozioa aurkeztu zuen. "Aramaioko Udalaren aurka Lehiaren Euskal Aginteak zabaldu duen espedientearen aurrean eta kontuan izanda Arabako Foru Aldundia dela Tokiko Erakundeen tutela finantzieroa eta aholkularitza juridikoaren erantzulea, Udal honek Aldundiak Arabako Lanak S.A. sozietate publikoaren bitartez eskainitako zerbitzua erabiltzea besterik ez zuela egin", dio mozioak

Horren aurrean, besteak beste, Aldundiari eskatzen diote Lehiaren Euskal Aginteak ireki duen espedienteak ekar ditzakeen ondorioak bere gain har ditzan.

Mozioa EH Bilduren aldeko lau botoekin onartu zuten. EAJk aurka bozkatu zuen. Andoni Erkiaga zinegotziak berba egin zuen jeltzaleen izenean.

Azaroak 25, emakumeen aurkako biolentzia desagertzeko nazioarteko eguna

EH Bilduk aurkeztutako adierazpena onartu zuten EH Bilduren lau aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. EAJk bi puntu batzen zituen adierazpena aurkeztu zuen –epez kanpo–; hala ere, alkateak atzoko bilkurara eraman zuen jeltzaleen mozioa. Bi alderdiak ez ziren adostasunera iritsi eta EH Bilduren mozioak egin zuen aurrera.

EH Bilduren mozioak, emakumeen aurkako biolentzia desagertzeko nazioarteko egunaren harira zazpi puntuko proposamena batzen du.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak