Trikitia eta panderoa jotzen ikasteko ikastaroak hasi dituzte Trikikalejira elkartekoek. Interesa duenak trikikalejira@gmail.com helbidera idatzi beharko du izena eta telefono zenbakia emanez. Trikikalejira elkartekoak jarriko dira interesatuarekin harremanetan informazio gehiago emateko.
Banakako klaseak
"Bariku arratsaldetan izaten dira trikiti eskolak, bakarkakoak", azaldu du Saioa Uriartek, Trikikalejira elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak. Pandero klaseak, aldiz, taldeka eskaintzen dituzte. Horrela banatzen dira pandero klaseak: txikien taldea, 16:45etik 17:45era; eta, nagusien taldea: 18:00etatik 18:30era.
Eskolan izaten dira klaseak. "Trikitia edo panderoa ez duenari elkarteak utziko dio bat", gaineratu du Uriartek.
San Martin eguna
Datorren astean San Martin eguna izango dela aprobetxatuz, hilaren 13an, barikuan, emanaldia egingo dute elkartekoek Udaletxeko arkupetan. Trikiti eta pandero ikasleak ibiliko dira musika ipintzen, 19:00etan; eta, horrez gain, pintxo eta edariak jarriko dituzte salgai.
Trikikalejira elkarteak zozketa ere egingo du datorren barikuan. Elkarteko zuzendaritzak eskerrak eman nahi die lagundu dieten guztiei. "San Martin eta Jubilatuen egunean ateratako dirua oso garrantzitsua da elkarteak aurrera egiteko", azaldu du Uriartek.