Euskal herri osoan zehar ekoiztutako hamar ezti-pote ekarri zituen atzo Sastiñara Juan Mari Arriolabengoak. Horretaz gain, erdiko mahaian Aramaioko bertako ekoizleek eginikoa ere jarri zuen, herritarrek dastatzeko aukera izan zezaten. Milalore barietatea da Aramaion ekoizten dena. Horrek esan nahi du, ezti hori egiten duen erleak lore desberdin askotako nektarra hartu dutela.
Arriolabengoak adierazi zuenez, "eztia naturak ematen digun produkturik onena da". Nabarmendu zuenez, elikagai oso konpletua da, eta osasunarentzat ere hainbat onura dakartza.
Aurkezpena amaitutakoan, Sastiñan bildutako herritarren txanda iritsi zen. Ezti-mota bakoitzetik pixka bat probatu eta taula batean idatzi zuten ea haien ustez zein motatakoa zen. Batzuk fin ibili ziren, beste batzuk ez horrenbeste.