Iaz egin zuten moduan, eliteko bi bertsolari datoz; oraingoan, Julio Soto eta Unai Gaztelumendi aukeratu dituzte. "Herritar guztientzat zabalik dago; izan ere, bertso eskolan argi daukagu herriari zerbait eskaini behar diogula, eta planteamendua da hiru hilean behin herrian ekitaldi bat antolatzea. Udazkenekoa, bada, gaurko saioa izango da. Formatu familiarra da, gertukoa, librean jardungo dute biek ala biek elkarrekin bertsotan berbetan", dio Xabi Igoak.
Bertso eskolako ikasleei goreneko mailan ari diren bertsolariak gertutik ezagutzeko aukera ematea ere helburu dutela gaineratu du Igoak: "Gonbidatuak aukeraketa egiteko orduan, ahalegintzen gara, alde batetik, gazteak izatea, bertso eskolekin feeling-a bermatze aldera, eta, era berean, beste irizpide bat izaten da kanpotik ekartzea, Arabako bertsolariekin badugu-eta bestela ere harreman zuzena".
40 minututako saio librea
Iaz, Miren Amuriza eta Agin Laburu etorri ziren. "Saio polita egin zuten, eta gaurkoa halaxe izango da. Biak ala biak bertso eskoletatik pasatutako gazteak dira, freskoak eta umoretsuak. Unai Gaztelumendi Gipuzkoako Txapelketan ari da; final-laurdenetan abesteko du. Soto, berriz, Nafarroako txapelduna da; horrekin dena esanda dago".
Gai-jartzaile bako saio librea izango da: "Euren bizipenak kontatzeko eskatu diegu; adibidez, bertso eskolakoak. Gure ikasleekin horiek partekatzeko proposatu diegu".
Eskolako ateak zabalik
Datorren astean hasiko dituzte eskolak, baina zale berrientzako ateak urte osoan zabalik daudela adierazi du Igoak.