Bertso eskolaren jaialdian Unai Gaztelumendi eta Julio Sotok egingo dute bertsotan

Unai Gaztelumendi eta Julio Soto.

Bertso eskolakoak ikasturte berria hasteko gogotsu daude. Talde guztiak antolatu dituzte, eta aurkezpena egitea falta zaie orain. Horretarako data ere jarri dute: datorren barikuan egingo dute, urriaren 16a, 19:30ean Sastiñan. Taldeen aurkezpena egingo dute lehenengo eta ondoren bertso saioa eskainiko dute Julio Soto eta Unai Gaztelumendi bertsolariek.

Izena emateko aukera dago

Oraindik izena eman ez arren interesa dutenek aukera izango dute bertso eskolan apuntatzeko. Datorren barikuan aurkezpenera agertu besterik ez dute.

Bertso eskolaren helburua bertsolaritza ezagutuz ondo pasatzea da: "Euskara indartu, bertsoa ezagutu, bakoitzak bere mailan bertsotan egin eta ondo pasatzea da asmoa", azaldu du Xabi Igoa taldeko kideak.
Aisialdirako gune moduan aurkeztu dute bertso eskolaren jarduna.

Ordutegia

Txikien taldea
Irakaslea: Peru Abarrategi.
Eguna eta ordua: Barikua, 16:00etan.

Gazteen taldea
Irakaslea: Martin Berrizbeitia.
Eguna eta ordua: Eguena, 17:30ean.

Nagusien taldea
Irakaslea: Peru Abarrategi.
Eguna eta ordua: Barikua, 19:00etan.

Urriaren 16tik aurrera hasiko dituzte klaseak.

Gaztelumendi eta Soto

Nafarroako txapeldun Julio Sotok eta Unai Gaztelumendik bertso saioa eskainiko dute. Librean abestuko dute, 40 bat minutuz. "Bertso eskolan eurek bizitakoak abestuko dituzte, besteak beste. Umore ukituarekin ibiliko dira", gaineratu du Igoak.

Aurkezpena eta emanaldia datorren barikuan izango dira, urriaren 16an.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.