Etapa berri batean atarian den Txirritola euskara elkartea omendu dute gaur Aramaioko Sagardo Egunean. Hamabi urtean antolatu dute Sagardo Eguna, eta aurten Udalak hartu dute lekukoa Lagun Artean dantza taldearen, Trikikalejira trikitixa taldearen eta herriko sagardogileen laguntzarekin.
Eguerdian egin dute txotx irekiera Txirritolakoek. Pozik eta hunkituta hartu dute omenaldia. Hausnarketa prozesu sakona egin dute eta aurrerantzean beste ekimen batzuetan ipiniko dute indarra. Eta eskertuta daude Sagardo Egunaren antolakuntza laga izan arren festa aurrera egin duelako.
Hamahiru sagardogile
Herriko hamahiru sagardogile izan dira gaurko Sagardo Egunean, eta herritarrek gustura dastatu dute herriko sagardoa. Manex Agirre bertsolari aramaiorrak bertsotan esan du: "Sagardoa da Aramaioren zati txiki bat likido forman emana".
Sagardogileek ipini dute sagardoa, musika ipini dute herriko trikitilariek eta taloak prestatu dituzte herriko dantza taldekoak. Gaurko festa egon da baita ere zer ikusi. Sagarra nola xehatzen den ikusi dute herritarrek, eta baita ere lehen muztio nola ateratzen den.
Eta behin sagardogileekin elkartuta ezin sagardo berriaren inguruko galdera egin barik utzi. Aurreratu digute oso baldintza onak izan dituztela aurten sagar uzta egiteko. Sagardo berria kalitatezkoa izateko baldintza oso onak, alegia.