Txirritolakoek egingo dute txotx irekiera domekako Sagardo Egunean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko ira. 25a, 11:00
2014ko ekitaldian, herritarrak sagardoa dastatzen.

Sagardo Eguna egingo dute etzi, domeka. Udalak antolatu du ekitaldia Lagun Artean dantza taldearen, Trikikalejira trikitixa taldearen eta herriko sagardogileen laguntzarekin. Herriko sagardoa dastatu eta goiz atsegina pasatzea da asmoa. 12:00etan, txotx irekiera egingo dute Txirritola elkartekoek.

Dantzariendako laguntza

11:30ean trikitilariek kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. Ondoren, txotx irekiera egingo dute –12:00etan–. Aurten, Txirritola elkartearen eskutik izango da irekiera. "Omenaldi xumea egin nahi diegu, orain arte eurak arduratu direlako ekitaldi hau antolatzeaz", azaldu du Lierni Altuna alkateak.
Hain zuzen, orain arte Txirritola eguna bezala ezagutu izan da ospakizun hori. "Iaz, Txirritolak barne hausnarketa egin zuen antolatzen zituen ekitaldien gainean; ze zentzu izan dezakeen euskara elkarte batek gauza bat edo beste antolatzeak, adibidez", dio Altunak. Horren harira, Txirritolak erabaki zuen sagardo eguna antolatzeari uztea.

Egun berezia izaten da

Udalak, bere aldetik, sagardo egunak herrian duen onarpena ikusita, bere gain hartu du antolaketaren ardura. Dantza taldearen eta sagardogileen laguntza izango dute horretarako. "Dantza taldeak 60. urteurrena beteko du datorren urtean; hala, dirua ateratzeko, euren gain hartu dute taloak egiteko ardura", azaldu du Altunak. 13:00etan, gainera, dantza erakustaldia egingo dute plazan: bitartean, Aramaioko sagardoa dastatzeko aukera eta, taloak eta pintxoak jateko aukera egongo da.

Herriko 15 sagardogile

Betiko moduan, sagardoa dastatzeko edalontzia erosi beharko da. Aramaioko 15 bat sagardogileen sagardoa eramango dute domekan plazara. Horrez gain, han bertan zukua egingo dute eta hori dastatzeko aukera ere egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak