Iaz 69 auto ibili ziren lehian eta aurten kopurua nahiko antzekoa izango da: "Azkenean jendeak ez du lehiatzeko diru askorik ere, baina gu oso pozik gaude parte hartzea nahiko garrantzitsua izango da-eta. Euskal Herriko, Kantabriako eta Kataluniako pilotuak egongo dira", azaldu du Inhar Amenabar pilotu eta probako antolatzaileak.
Aurten ez da auto klasikoen mailako txapelketarik egongo, ez baitu inork izenik eman. Guztira, 2.000 euro banatuko dituzte lehian ibiliko diren 8 mailetako irabazleen artean. Azpiko Racing taldeak hamalaugarren urtez antolatu du rallysprinta. eta Inhar Amenabar kideak jendea lasterketara gerturatzera animatu du: "Jendea animatzea eta etortzea. Pilotuei asko gustatzen zaien ibilbidea da, eta hori nabaritu egiten da. Gainera, ez dago euririk emanda, eta eguraldi ona egingo duela aurreikusten da".
Debagoieneko kopilotu eta pilotuak
Ibarreko hainbat pilotu eta kopilotu ibiliko dira lehian Aramaioko errepideetan. Inhar Amenabar aramaioarrak Agurtzane Zubieta kopilotuarekin parte hartuko du. Gainera, Gorka Idigoras eskoriatzarra Monika Muñoz oñatiarra kopilotu duelarik ere arituko da, eta Unai Bengoa Iker Zurinaga gidari eta kopilotu arrasatearrek ere parte hartuko dute. Asier Unzetabarrenetxea elgetarrak, eta Oñatiko Asier Mugarza eta Asier Samaniego ere lehian arituko dira Aramaion.