Jokoaren paradisuan Maider Unda aramaioarrak ez du saririk poltsikoratu. Izan ere, Las Vegasen jokatutako Munduko Txapelketako lehenengo kanporaketan zigor gogorra jaso zuen arabarrak, Turkiako Yasemin Adar-ek 6-0 irabazi zion-eta. Oraindik, baina, Undak Rioko Joko Olinpikoetan egoteko aukera du, sei txartel geratzen dira jabe barik.
Joko Olinpikoetara sarbidea ematen duten 12 txarteletako erdiak atzo banatu zituzten, edo hobe esanda, Las Vegasko Munduko Txapelketan nabarmendutako sei borrokalariek ondo irabazi zituzten. Maider Undak itxaron egin beharko du, eta geratzen diren seietako bat poltsikoratzea izango da datozen hilabeteotako helburua.
Hanketara eraso eginda
Hala erabaki zuen Maider Undak Yasemin Adar mendean hartzea, hanketara eraso egin zion baina turkiarrak ondo erantzun zuen, eta kontraeraso batekin behean geratu zen oletarra. Lehenengo kanporaketa gainditu ez bazuen ere, Adar finalera iristen bazen, goizaldean, Undak beste aukera bat izango zukeen. Baina horrela ere ez, final-laurdenetan kanporatu zutelako Adar. Hala, AEBtako Adeline Mariak jantzi zuen urrea.