Serious Bussinesek ireki du iraileko 'Kontzertuak Sastiñan' musika zikloa

Maite Txintxurreta 2015ko ira. 4a, 21:25

Hogeita hamar bat pertsona bildu dira guztira baselizan zumaiarren zuzenekoa ikusi eta entzuteko, eta doinu lasai zein biziagoez osatutako errepertorioaz gozatu ahal izan dute. Datozen hiru egubakoitzetan ere kontzertuak izango dira bertan, guztiak 19:30ean hasita.

Talde berria da Serious Bussines hirukotea, aurten sortutakoa hain zuzen, eta gaurkoa haien bigarren kontzertua izan da, Uztailean euren herrian egindako debutaren ostean, kanpoan jo duten lehen aldia izan da, beraz.

Blues-rock musika estiloa jorratzen dute nagusiki, baina funk, Rythm and Blues edota jazz estiloek ere badute presentzia euren abestietan.

Taldea berria izanagatik ere, berau osatzen duten pertsonak eskarmentu handidun musikariak dira. Aitor Badiola, Maria Armendaritz eta Ander Zulaika Arima Beltza, Vanpopel, Alligaitors, Bluestock edota Makala Jazz Funk Band taldeetan aritu izan dira, besteak beste. Aurki, gainera, lehen diskoa grabatzera sartuko dira estudiora, urrian hain zuzen. Hala azaldu du Aitor Badiolak, Serious Bussineseko gitarra-jole eta abeslariak.

Datozen hitzorduak

Aramaioko Udalak Gasteizko Xabigune musika eta kultur elkartearekin batera antolatu du Kontzertuak Sastiñan zikloa. Horren baitan, hileko egubakoitz guztietan kontzertu lasai bana izango da, debalde.

Datorren astean, hilak 11, Bilbo eta Soraluzeko kideez osatutako The Crazy Wheels Band hirukoteak Blues, rock and roll eta folk amerikarraren doinuak ekarriko ditu herrira, euskarazko zein ingelesezko abestiekin.

Hurrengo egubakoitzean, berriz, irailaren 18an hain zuzen, Sindrome de Stendhal boskote gasteiztarraren txanda izango da. Jazz musika jorratzen dute hauek, manouche edo ijitoen jazz-a bezala ezaguna den generoa, zehazki.

Azkenik, iraileko zikloa ixteaz arduratuko den taldeak ere jazz musika egiten du. Esan Ohi da dute izena, eta Arabako hiriburutik datoz eurak ere. Irailaren 25ean joko dute azken hauek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak