"Orain arteko edizioek oso harrera ona izan dute, jendeak oso gustura hartzen ditu emanaldiak. Pote batzuk hartzen dituzun bitartean, samur entzuteko musika aukeratu dugu. Ekaineko Sastiñako musika zikloan, herriko taldeei euren lana erakusteko aukera eman genien, eta oraingoan, berriz, bat izan ezik, Gasteizkoak dira gainontzekoak. Talde hasiberriak eta eskarmentua dutenak tartekatu ditugu", azaldu du Itsaso Aspiazuk, Zuiako Kuadrillako Kultura teknikariak.
Zumaiako blues-rocka gaur
Aurten sortutako Serious Bussines taldeak zabalduko du gaur, egubakoitza, egitaraua. Uztailean estreinaldia eginda, Aramaiora ekarriko dituzte Zumaian egindako blues-rock doinuak. Aitor Badiolak (gitarra elektrikoa eta ahotsa), Maria Armendaritzek (baxu elektrikoa eta koruak) eta Ander Zulaikak (bateria eta koruak) osatzen dute hirukotea. Eskarmentudun kideak dira guztiak; hirukotea sortu aurretik, besteak beste, Arima Beltza, Vanpopel, Alligaitors, Bluestock eta Makala Jazz Funk Band taldeetan ibilitakoak dira.
Gasteizko The Crazy Wheels Band hirukoteak hartuko du lekukoa gaur zortzi; AEBetako musika jorratzen dute, bereziki. Datozen bi asteetan, berriz, Gasteizen sortutako jazz doinuekin gozatuko dituzte Sastiña ermitaren inguruak.
Egitaraua
- Irailak 4: Serious Bussines. Blues-rocka. Zumaia
- Irailak 11: The Crazy Wheels Band. Country-folk-rocka. Bilbo.
- Irailak 18: Sindrome de Stendhal. Jazza. Gasteiz.
- Irailak 25: Esan Ohi Da. Jazza. Gasteiz.