Munduko Txapelketa datorren eguenean hasiko dute, hilaren 10ean. Aramaiokoak bezperan ezagutuko du zein duen lehenengo kontrario, eta horrekin batera parekatze guztiak ere bistaratuko dituzte. Hala, Munduko Txapelketan duen helburu nagusia lehenengo bost borrokalarien artean sailkatzea izango da, horrek zuzenean emango liokeelako Riorako txartela.
Londresko Jokoetarako sailkatzea izugarri kostatu zitzaion oletarrari, eta batera eta bestera ibili behar izan zen txapelketetan esku hartzen, helburua lortu zuen arte. Eta horrek, noski, nekea areagotzea dakar. Hala, Las Vegasen lan ona egiten badu Undak lasaitasun handiagoz prestatu ahal izango du datorren urtean izango den hitzordua. Oletarrak, baina, ez du harago begiratu gura: "Munduko Txapelketan dut buruan, eta ez dut beste ezertan pentsatu gura", adierazi du. Txartela lortuz gero, baina, Aramaikoarendako hirugarren parte-hartzea izango litzateke halako hitzordu batean.
75 kilotako kategorian
Borroka libreko nazioarteko arautegia aldatu ostean Undak 75 kilora arteko kategorian hartuko du esku. Hala, norgehiagoka bakoitzak bi borrokaldi izango ditu, hiru minutukoa bakoitza. Arautegi berriak ikusgarriago egiten ditu borrokaldiak.