Hilda agertutako arrainen gertakarien aurrean, EAJk "kezka" azaldu du, eta hainbat galdera egin ditu: "EAJk dituen datuen arabera, uztailaren 6an bitsa edo aparra erabili zuen ume-jarduera bat antolatu zuen Udalak. Garbiketa lanak egiteko orduan, aparra jaso zuen ura errekara bota zuten. Horren ondorioz, hurrengo egunetan hainbat eta hainbat ezkailu eta amuarrain agertu zen hilda Aramaio errekan", dio Aramaioko EAJk ohar bidez."Gertatutakoa argitze aldera EAJk azalpena eskatu dio Udalari", adierazi dute.
Horrez gain, beste kezka bat ere agertu dute: parkeen eta berdeguneen "egoera eskasa", batez ere Zalgoko hilerriarena.
Udal Gobernuaren erantzuna
Udal Gobernuak dio errekaren ardura Eusko Jaurlaritzarena den Ur Agentziana eta Foru Aldundiarena dela. Hala ere, hildako arrainen gainean galdetuta hau azaldu dute: "Guk ditugun datuen arabera, bero handiaren eraginez oxigeno falta izan dute arrainek eta horregatik hil dira". Gaineratu dute: "Uztailaren 4 eta 5eko aste bukaeran, Urretxun eta Oñatin ere arrainak hilda agertu ziren. Aurreko eguenean –uztailak 2– bero gogorra egin zuen eta hori da arrainak hiltzearen arrazoietako bat", diote. Azaldu dute bero handiak oxigeno falta eragiten duela uretan; hala, "hil diren arrainak arrain handiak dira, oxigeno asko behar dutenak".
Ur agentzia
Ur Agentzian uztailaren 8an izan zuten gertatutakoaren abisua. Hurrengo egunean, hilak 9, agentziako teknikaria Aramaiora etorri zen. Ur Agentziaren informeak dio: "Erreken ur-emari txikia eta tenperatura handiak kontuan hartuta, edozein isurik eragin zuzena izan dezake arrainengan. Ezaugarri horiek kontuan hartuta ondorioztatu daiteke garbiketaren ondorioz isuritakoak eragin zuela arrainen heriotza, errekak muturreko baldintzak dituelako".
Parkeen egoeraren harira
Parkeen egoeraren gainean, Udal Gobernuak dio sasi-garbitzeko makina pasatzen dabiltzala herriko berdeguneetan.
Udal Gobernuak Aramaiok dituen arazoak aipatu ditu
"Udal Gobernuari arraroa egiten zaio Aramaiok dituen ingurumen arazoak –AHTko lanek eragindakoak, adibidez– kontuan hartuta EAJk arrainen gertakariarekin azaldu duen kezka", diote.