Dagoeneko kuadrilak hasi dira filmak grabatzen. Gaia hau da: kondea. Lanen iraupena, gehienez, bost minutukoa izan beharko da eta lanak entregatzeko azkeneko eguna bihar, zapatua, izango da. Txosnetan aurkeztu beharko dira, ATGAko txosnan, 20:00ak baino lehen.
Domekan eskainiko dituzte
Aurkeztutako lanak domekan erakutsiko dituzte, Sonia eta Manexen ipuin musikatuaren ostean, txosnagunean. Aurkeztutako lan onenari saria emango diote.
Horren ondoren, berbapasie egingo dute txosnetan. Urteroko ekintza da hori: bikoteka egiten den jolasa da. Antolakuntzak emandako berba asmatu beharko du bikotekide batek, besteak emandako azalpenekin.
Izena eman kuadrilen pikean
Astelehenean egingo duten kuadrilen arteko pikean gaurtik aurrera eman ahal izango da izena: "Kartelak jarriko ditugu tabernetan, gaur", azaldu du Edurne Kortabarria asanbladako kideak.
Taldeak gutxienez sei lagunekoak izan beharko dute. Betiko jokoez gain, aurtengo pikean joko berriak ere izango direla azaldu du Kortabarriak. Kuadrilak animatu nahi dituzte lehiaketan parte hartzera. Astelehenean, 16:00etan hasiko dute kuadrilen arteko pikea.