Aramaioko jaiak 2015

Disko berriko abestiak joko ditu Fiachras-ek Aramaioko txosnagunean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko uzt. 3a, 09:47

Argazkia: Mauka.

Gaur hasiko dituzte San Martin jaiak Aramaion. Txupinazoa eta pregoia izango dute 19:00etan, eta ondoren musikak hartuko ditu Ibarrako kaleak. 23:30ean kontzertuak izango dituzte txosnagunean: Arcada Social, Fiachras eta Dj Loro. Fiachras boskoteak Amnesia eta argia diskoa aurkeztuko du.

Musika eskaintza zabala antolatu dute jaietarako. Gaur, egubakoitza, Fiachras, Arcada Social eta Dj Loro igoko dira txosnaguneko oholtza gainera. Fiachrasek Amnesia eta argia disko berria eskainiko du. Bederatzi abestiz osatutako lana da: "Folkarekin nazkatuta geratu garela esan daiteke, eta disko berrian gitarra gehiago dago", azaldu du Aitor Aldanondo taldekideak. Diskoak norabide berria hartu duen arren, Fiachrasen marka dute kantuek. "Rockak zein gitarrek presentzia gehiago dute, eta grabazioaz arduratu den Freddy Pelaezen hammonda ere erabakigarria da zenbait kantutan", azaldu du diskoaren gainean Iker Barandiaranek. Nostalgiatik aldendu nahian ausardia osoz itsasoratu da berriro ere taldea. Kantu zuzenak idatzi dituzte, batez ere bat-batekotasunetik dutenak.

Disko berria aurkezteko eskainiko duen hirugarren kontzertua izango da Aramaiokoa: "Bergaran eta Tafallan jo dugu aurretik; eta, diskoak harrera ona izan du", dio Aldanondok.

Arkada Social

Arkada Social laukote arrasatearrak punk-rock eta punk-oi musika eskainiko du. Orian dela urtebete pasa argitaratu zuten azken diskoa, Hil orduko bizi, Maukarekin. Gaur egun, disko berriko abestiak sortzen dabiltza.

Azkenik, Dj Lorok girotuko du jaia. Kodigo Norte taldearen Dj eta ekoizlea da Dj Loro. Disko jartzailearen saioak originalak izaten dira. Denetariko musika estiloak nahasten ditu, baina batez ere reggae, dancehall, hip-hop, jungle eta funk estiloak. 2008an Friends & Family lana argitaratu zuen; eta, 2012an Muchos Dijeron Adios.

Zapatuan, rock kontzertuak

Zapatu gaua ere rock doinuekin girotuko dute. Kontzertua eskainiko dute txosnagunean Eskean Kristok, Brigada Improductivak eta PD's PartySano & Dj Berch-ek.

Eskean Kristo Arratia bailarako taldeak 70eko hamarkadako rock&rolletik edaten du. Bizitzaz eta heriotzaz eta amodioaz eta gorrotoaz dihardute, besteak beste. Barruak hustera igoko dira txosnetako oholtzara arratiarrak.
Iruñako Brigada Improductiva taldeak rock-ska doinuak folk ukituarekin nahasten ditu. 2012an argitaratutako ¡¡Manos Arriba!! laneko abestiak eskainiko dituzte Aramaion. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak