Peru Abarrategi: "Finalean garrantzitsuena hutsik ez egitea da"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko uzt. 3a, 08:00

Peru Abarrategik Euskal Herriko eskola arteko  txapelketako finala jokatu zuen zapatuan Orion. Aramaioarrarendako azkeneko txapelketa izan da aurtengoa. Oriotik txapelik ekarri ez arren, "gustura" itzuli zen Abarrategi egindako lanarekin.

Nola joan zen zapatuko finala?
Hasieran urduri nengoen, baina saioak aurrera egin ahala gustura sentitu nintzen. Azkeneko bertsoarekin sentitu nintzen gusturen.

Paul Iruretagoienak jantzi zuen txapela. Ondo irabazitakoa?
Bai, nik uste dut finalean garrantzitsuena zela akatsik ez egitea eta behin hori lortuta, ondo kantatzea. Iruretagoienak oso saio ona egin zuen. Bost saio egin zituen, eta bat bera ere ez zuen txarto egin; gainera, pare bat bertsotan nabarmendu egin zen. Barruan zaudela zaila da jakitea nork irabaziko duen baina uste dut ez zela sorpresa izan Iruretagoienak irabaztea.

Hutsik ez egitea da gakoa?
Nik uste dut baietz. Bost bertso gutxi dira: eta, horietatik baten huts egiten baduzu, aukera gabe geratzen zara. Bost saio horietan zortziko handian eta txikian abestu genuen, ofiziotan; eta, baita bakarka ere.

Azkeneko bertsoarekin geratu zinen gustura. Ze gai izan zenuen?
Poesia lehiaketa irabazi duen mutila nintzen, eta bikotekideak esan zidan berari ez nizkiola horrelako gauza politik esaten. Urduritasunak gainetik kenduta neuzkan ordurako eta gustura ibili nintzen.

Zela entrenatu duzu finalerako?
Aurten, Arabako bertsolari txapelketa nagusian parte hartu dudanez, inoiz baino gehiago ibili naiz bertsotan. Gainera, eskola arteko finalean Txaber Altube lehengusua ere egon da eta berarekin ere entrenatu dut.

Txapelketez gain, ibiltzen zara plazetan?
Barikuan deitu ninduten Berriatuko jaietan abesteko; momentuz, abuztuan Gasteizko jaietan ere abestuko dut. Jaialdiak irteten diren bitartean, gustura nago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak