Ekaineko Kontzertuak Sastiñan jaialdiaren aurtengo edizioak herriko musikari gazteekin esan zuen agur atzo iluntzean.
Antton Zapaterok (ahotsa), Gillen Mendikutek (baxua), Asi Robledok (bateria) eta Manex Arriolabengoak (gitarra) osatzen duten Zarzamora taldea izan zen jotzen lehena. Eurek sortutako bost abesti jo zituzten denera, letra gordinez osatutako bost rock pieza, eta erakutsi zuten gaztetasuna ez dela oztopo jendaurrean lotsagabe, jarrera rockeroarekin aritzeko.
Bigarren emanaldia lasaiagoa izan zen eta Manex Arriolabengoak, Sabin Aranburuk eta Maria Izagak askotariko bertsioak eskaini zituzten. Maria Rozalenen Comiendote a besos abestiarekin hasi zuten kontzertua, eta gero etorri ziren Rosanaren, The Animalsen, Zazen, Eric Claptonen edo Ain_1en kantuen bertsioak, besteak beste. Maria Izagak ahots ederra duela erakutsi zuen, behar denean bare, behar denean indartsu; eta Arriolabengoaren eta Aranbururen gitarra doinuek ederki babestu zuten Izaga. Kontzertua amaitzeko, hirukoteari Gillen Mendikute batu zitzaion baxuarekin.
Aramaioarrek, beste behin, erantzun ona eman zieten Sastiñako kontzertuei, eta hala, bi emanaldietan goraino bete zuten ermita.