Rock musikak girotuko du Eguzkierripa auzoko Andra Mari ermita

Andra Mari ermita berriro ere rock musikaren topagune bilakatuko dute. Gazte Asanbladak antolatuta Eguzkierripa rock jaialdia egingo dute, zazpigarren aldiz. Eguerdi partean hasiko dute eguna bertso pote musikatuarekin. Herriko tabernetan ibiliko dira, bertsotan eta musikarekin poteoa girotzen. Ondoren, bazkaria eta kontzertuak izango dituzte.

14:30ean bazkaria izango dute Andra Mari ermitan. "Azkeneko urteetan bazkaria gertatu egin izan digute; baina, aurten, guk prestatuko dugu. Menua izango da makarroiak eta oilasko bularkia. Horrez gain, postrea eta kafea ere egongo da", azaldu du Gazte Asanbladako kide Edurne Kortabarriak.

Musika lasaia eta rocka

Bazkal ondoren musika lasaia izango dute: Aluak dizerdit Aramaioko taldeak eta Bizarra eta bere gitarra zaharra talde oñatiarrak girotuko dute bazkal ostea. 20:00etan, rock kontzertuak hasiko dituzte.  

Rock kontzertuak

"Aramaioko eta inguruko herrietako taldeak ekartzen saiatu izan gara beti", dio Kortabarriak. Aurtengoan, musika jarriko dute: Aramaioko Zarzamora eta E.R.M. taldeek; Gasteizko Codigo Norte eta Entropia taldeek; eta, Gernikako Backbonek.
Jaialdiaren helburua herriko gazteak elkartzea da, besteak beste. Gainera, inguruko herrietako gazteak ere mugitzen ditu Eguzkierripa rock jaialdiak. Bihar ere horrela izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.