Egubakoitzean, Txorbela otxoteak girotu zuen poteoa, eta iluntzean, Aitor Escobar arrasatearraren flamenko doinuek hartu zuten Sastiña. Origen izeneko ikuskizuna aurkeztu zuen Escobarrek bertan, eta goraino bete zen aretoa. Emanaldiaren bukaeran egon zen flamenkoa entzun bakarrik ez, dantzatzera ere animatu zenik.
Kantu afaria, giro onean
Atzo bestalde, handi eta txiki, 40 pertsonatik gora batu zituen eskolako jangelan egin zuten kantu afarian. Afaldu aurretik, trikipoteoa egin zuten herrian Bertso Eskolakoen eta Aramaioko Trikiti Eskolakoen parte-hartzearekin. Afalostean, bestalde, askotariko kantuak abestu zituzten: batzuk horrelakoetan ohikoak diren abestiak izan ziren, baina Loquilloren edo Doctor Deseoren kanturik ere abestu zuten. Antolatzaile lanetan ibili den Larraitz Arriolabengoak, kantu afarian egon zen giro ona azpimarratu du.