Maiatzak 5, martitzena
Ortutik ahora irabazi asmorik gabeko elkarteak sukaldaritza ikastaroa eskainiko du martitzenean, jubilatuen elkartean. Bertako eta garaiko produktuak, eta produktu integralak nola prestatu erakutsiko dute. "Betiko sukaldaritza zabaltzea", izango da asmoa Jokin Orobengoa antolatzailearen esanetan.
Maiatzak 6, eguaztena
Eguaztenean, Jesus Arregi fisikari eta astronomo aramaioarrak Ilargixen gorabeherak berbaldia eskainiko du; ilargiaren faseak zeintzuk diren azalduko ditu. 18:30ean izango da, Sastiñan.
Maiatzak 7, eguena
EHKOlektiboaren aurkezpena. Euskal Herriko bio-baserritar agroekologiko eta herritarren kolektiboa da EHKO. "Zer bultzatzen dugu? Agroekologiaren oinarritutako nekazaritza eredu bio-ekologikoa. Lau hitzetan definituta: Laborantza bio-ekologikoa, bertakoa, etxaldekoa eta herrikoia. Zein helbururekin? Kolektiboki identifikatzeko eta desberdintzeko helburuarekin", azaldu du kolektiboak. Identifikazioa: identifikatzeko erreminta martxan jartzea, herritarrek ezagutzeko, eta merkatu handien dinamiketatik positiboki desberdintzeko. Agroekologikoa: kontzeptu zabal hau definitu eta gure lurraldea eta gizartea kontutan izanik, agroekologia garatu. Elkartasuna: lurralde ezberdinetako harremanak sustatu. 18:30ean Sastiñan izango da.
Maiatzak 8, egubakoitza
Aramaioko artzainek egindako lanaren aurtengo emaitza, alegia, gazta berria dastatzeko aukera izango da Idiazabal Jatorri Izendapeneko dastatzaile ofizial baten laguntzarekin. 18:30ean izango da, Sastiñan.
Maiatzak 9, zapatua
11:00etatik 14:00etara herriko plazan, Lorabarri azoka. Aramaioko ogi ekologikoa, barazki ekologikoak, moxal haragia, behi gazta eta esnekiak, ardi gazta, sagardoa...
Bigarren eskuko arropa azokak ere izango du tokia. Maiatzaren 5a baino lehen udaletxean bilduko dira etxean behar ez diren arropak eta azoka egunean hartzeko aukera izango da.
Maiatzak 10, domeka
11:00etan Azkoagan. Euzki okindegira eta Itturraldeko ortura bisita: artisau eran eta modu ekologikoan lan egiten duten bi ekoizpen ezagutzeko aukera egongo da.
17:00etan, plazatik abiatuta, Amillena turismo elkartearen eskutik umeei zuzendutako bisita gidatua (gurasoek lagunduta joan beharko dute).
Maiatzak 11, astelehena
Bizi baratzea liburuaren aurkezpena Jakoba Errekondoren eskutik. 19:00etan Sastiñan.