Bertso-pelotiekin hasiko dute eguna. Ekitaldi berezia egingo dute: pilota eta bertsoa nahastuko dituzte. "Legutioko eta Aramaioko pilotariak ibiliko dira nor baino nor gehiago", azaldu du Xabi Igoa bertsolariak; eta, tanto eta tanto tartean, Igoa eta Peru Abarrategi bertsolariek bertsoak botako dituzte. "Guk botilero lanak egingo ditugu, eta bide batez bertsoak bota", gaineratu du Igoak. Pilotariak izango dira: Oihan Bideburu eta Ander Axpe Aramaiotik eta Legutiotik Ander Sevilla eta Ibon Ruiz de Alda.
Udaletxeko balkoitik argazkia aterako dute
Arratsaldea kalejirarekin hasiko dute. Kultura etxetik plazara joango dira, trapuak zabal-zabal hartuta. Udaletxe aurrean, trapuokin eskua osatu eta balkoitik argazkia aterako dute.
Joste ekitaldia
Horren ondoren, danon artean betetako trapuak elkarren artean josiko dituzte, "erabakitzeko eskubidearen alde jostun aktiboak garela erakusteko".
Bitartean, Maria Izaga eta Manex Arriolabengoa musikariak, Papargorri abesbatza, txalaparta, alboka... denetariko musikariak izango dira eguna girotzeko.
Egitaraua
11:30 Bertso-pelotie: Aramaixo Vs Legutio. Ostean, triki-poteoa.
17:45 Kalejira koloretsua triki-soinua lagun.
18:00 Gure Esku Dagoren eskua.
Ondoren, joste ekitaldia, eta bitartean txalaparta, bertsoak, musika...
Akaberan, Gure Esku Dagoren kantua abestuko dute.
Pintxoak eta tragoak egongo dira eguna ondo amaitzeko.