Itzuli bat gutxiago egin izana horrela azaldu du urtero antolakuntzan aritzen den Martin Arriolabengoa aramaioarrak: "Lasterketan lehena zihoanak bost minutuko atzerapenarekin zihoan eta federazioak lehenari gehienez 100 minutuko marjena ematen dio, horrela dago kalkulatuta. Bost itzuli egingo balira langa hori gainditu egingo litzateke eta horregatik erabaki da itzuli bat gutxiago egitea".
"Infernu bat izan da"
Elite mailan irabazi duen Jose Antonio Diezek "infernu" moduan definitu du gaurko proba: "Infernu bat izan da. Atzo [zapatua] ez nintzen etorri ibilbidea probatzera eta esan zidaten lokatza handia zegoela, baina horrenbeste... Ia ezin dut hitz egin, azkenean ez nuen aldatu ere egiten... Hala ere, garaipena lokatzari zor diot, fisikoki ez nago-eta nire puntuan".
Urteroko zirkuitua azkenean
Era berean, lokatzak eragin du ibilbidean aurten aurreikusitako aldaketa txikia ere bertan behera uztea: "Proba ikusgarriagoa egiteko malda polit bat genuen, baina lokatzarekin oso arriskutsu zegoen eta segurtasunagatik erabaki dugu kentzea", argitu du Arriolabengoak.