Goiz osorako ekintzak antolatu dituzte, guztiak Bizente Goikoetxea plazan eta Sastiñan. 10:30ean hasita, bertako produktuak erosteko aukera egongo da eta, bitartean, Sastiñan zenbait bideo erakutsiko dituzte: Baso ahaztuak ikus-entzunezkoa, Bide berriak dokumentala eta Amillena taldearen bideoa.
Sentsibilizaziorako azalpenak
Ondoren, 11:30etik 11:45era, biomasa proiektuaren gaineko azalpenak emango dituzte Sastiñan eta herritarrak proiektura atxikitzeko Arteman komunikazio enpresakoek sentsibilizazio kanpainaren gaineko argibideak ere emango dituzte. 11:45ean, berriz, Amillena Turismo Taldeko kideek euren proiektua aurkeztuko dute eta 12:00etatik aurrera ekonomatoko produktuekin egindako pintxo dastatzea egongo da. Dastatzearekin batera, ekonomatoko ekimenaren gaineko azalpenak emango dituzte Sastiñan, elikadura burujabearen bidean urratsak ematen ari den taldearen adibide moduan. Era berean, 11:00etatik aurrera, biomasa proiektuaren gaineko xehetasunak ematen dituen erakusketa dinamikoa jarriko dute. Antolatzaileek datorren astean egingo dute jardunaldiaren balorazioa.
Martxoak 8: Emakume Astea
Bestalde, Martxoaren 8aren bueltan aste osorako ekintzak antolatu ditu Itur-Zuri Emakume Elkarteak. Domekan, hilak 8, bingo bazkaria egingo dute Añai tabernan (14:30). Hilaren 10ean, Frida Kahlo pelikularen bueltan bideo kafea antolatu dute kultura etxean (18:00), eta hilaren 11n, kontzertua eta luncha izango dituzte Sastiñan (19:00) herriko gazteen trikiti eta gitarra doinuekin. Amaitzeko, hilaren 12an, 12 urtetik gorakoendako Mari Errauskin eta dantza librea ipuin musikatua egongo da Sastiñan (19:30).