Txapelketako bigarren itzuliko lehenengo saioa izan zen atzo jokatutakoa, eta orain arte ez bezala kartzelako saioa ere egin zuten. Txukun jardun zuten guztiek. Txukun bai, baina guztien aurretik ibili zen Zalduondoko Oihane Perea. Hala bera izan zen irabazlea 352,5 punturekin eta haren atzetik geratu zen Iker Agirre aramaioarra, 328,5 punturekin. Eta gainerakoak ostean: Ruben Sanchez, 322,5ekin; Jon Ruiz de Pinedo 283rekin; Irati Anda, 277,5ekin; eta Unai Bengoetxea 262rekin.
"Fresko jardun du Ikerrek, txukun, akatsik egin barik, eta inolako urduritasun barik. Herrikoa izanda berak berotu du aretoa", jakinarazi du Xabi Igoak, Aramaioko bertso eskolako kideak. Eta herrian halako finalaurreko bat jokatzea "ohitura" bihurtu delako pozik dago: "Herrian egiten den bertso saio bat gehiago da eta hori beti da ona", dio.
Bertsolariek jokatutako bi saioen puntuazioei begiratuta, Oihane Pereak dauka puntu gehien, 674. Bi saioen artean puntu gehien lortzen duten sei bertsolariak sailkatuko dira finalerako.