Manex Agirre: "Finaleko buruz burukorako sailkatzea dut helburu"

Manex Agirre

Arabako Bertsolari Txapelketan lehiatuko den lehen aramaioarra izango da Manex Agirre. Laudioko Lanbide Heziketako Udal ikastetxearen aretoan izango da kanporaketa, domekan, 17:30ean. "Gogotsu" dago, bere buruak nola erantzungo duen zain. Beteranoena izanik, txapelketan parte hartuko duten gainerako lau aramaioarren gainean ere egin du berba: Iker Agirre, Xabi Igoa, Paula Amilburu eta Peru Abarrategi. 

2013ko txapelketatik "tarte handia" pasa dela dio eta gainera, urtebetez bertsoaren mundutik "apur bat" aldenduta ibili da: "Urtebeteko deskantsua hartu nuen eta orain gutxi hasi naiz berriro martxan. Txapelketara begira gogotsu nago, asko entrenatu dut, baina nire buruak nola erantzungo zain nago. Ez nago beste urte batzuetan bezain seguru, irrikaz nago nola erantzungo dudan jakiteko". Txapelketa nahiko ondo prestatu duela uste du, bertso eskolako beste kide batzuekin taldean egin ditu hainbat ariketa eta horrez gain, saiatu da ohi baino bertso gehiago entzuten. 

Belaunaldi berri baten aurten  

Arabako bertsolarien mailari dagokionez, "progresio lasai" baten doazela uste du: "Ez du txarrera egin, baina ez nuke esango larregi hobetu denik. Aurten belaunaldi berri bat sartu da eta horrek, gutxienez, beste kolore bat eman dio txapelketari. Hala ere, hori saioz saio ikusi beharko da; oraindik bakarra jokatu da".  

Helburua zehaztu du aurten: "Finalera sailkatzea eta buruz burukora heltzea dira nire helburuak, eta hori guztia saio on bat eginda lortzea gustatuko litzaidake. Horrek esan gurako du saioa orokorrean ona izan dela". 

Gainerako aramaioarren bertsokerak

Bost aramaioar sailkatu dira 2015eko txapelketarako: Manex bera, Iker Agirre, Xabi Igoa, Paula Amilburu eta Peru Abarrategi: "Hasi aurretik txapelketak eman duen albisterik onena da nire ustez, poz handia izan da. Horrek adierazten du bertso zaletasunaren transmisioa indartsu mantentzen dela; harro esan dezaket Aramaiokoa bertso eskolen artean indartsuenetakoa dela". 

Beteranoena izanik, gainerako lau bertsolarien gainean galdu dio Goienak. Hasteko, Iker Agirreren bertsokera "berezia" nabarmendu du: "Garai bateko bertsokeratik Araban geratzen den bakarrenetarikoa da. Erantzuteko gaitasuna du, eta hizkera bizia eta naturala. Gainera, umore puntu oso inportante bat dauka eta txapelketetan saiatzen den umoreari eusten; hori eskertzekoa da". Xabi Igoaren gainean uste du "etorkizun oparoa" duela: "2013ko txapelketa amaitu barik utzi behar izan zuen kanpora joan zelako, eta aurten bereziki gogotsu ikusten dut. Bertsokera seriokoa, bakarkakoan nabarmenduko nuke, eta betelanean Aramaioko onena da orain bertan; finalerako hautagai sendoa da". 

Paula Amilbururi ere etorkizun ederra ikusten dio Agirrek: "Araban bertso saio gehien ematen dabilenetako bat da, plazaz plaza dabil, eta horrek erreferentzialtasun bat ematen du. Bertsokera bizi-bizia du, eta hainbat baliabide. Ea txapelketan nola dabilen". Azkenik, 1997an jaiotako Peru Abarrategiren gainean honako hau dio: "Lehen txapelketa izango du eta beraz, bere burua probatzeko aukera izango da. Bertsoarekiko harremana finkatzeko garaia du; ondo ikusten dut".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.